Comparte/Banatu

Literatura, zinea, antzerkia, musika eta arte plastikoak hartzen dituen egitarau osatua prestatu du Kultura Sailak urtarriletik maiatzera bitartean. Nabarmentzekoa da euskal zineari eskainitako tartea

Jone Amezaga del Frago dantzariak eman du urtarrilaren 24an, ostegunean, Biterira ekarriko duen lanaren berri. Diziplina ezberdinak hartzen dituen ikuskizunak programatzen dira Nahastekak atalean. Atal horretan, hain zuzen ere, sartzen da Esku harriak: Oteizaren (H)aria ikuskizuna. Jorge Oteiza artista polifazetikoaren unibertsoaren inguruan sortutako dantza eta musika emanaldia da. 20:00etan ikusteko aukera izango da 7,5 euroren truke.

Mikel Laskurain ere gaurko aurkezpenean izan da. Xake Produkzioak konpainiaren eskutik haur antzerkiarekin ausartu dira lehen aldiz, eta “oso ondo funtzionatzen ari da”, esan du Laskurainek. Aluarekin jaio den baina mutil sentitzen den Aneren istorioa kontatzen du Lur antzezlanak. Egoera hori ulertzeko arazoak ditu Aneren aitak eta umearen aitonak Ane eta horren aitaren harremanak berbideratzeko ahaleginak egingo ditu. “Jende askok esan digu egoerarekin oso identifikatuta sentitu dela eta hori oso pozgarria da guretzat”, adierazi du Laskurainek. Lurmartxoaren 3an, igandean, taularatuko dute, 12:00etan, eta sarrera 3 eurokoa da.

Horretaz gain, Benetan be konpainiaren Inondik inora, Valentziatik datorren L’Home Dibuixat konpainiaren Screen Man, La Enana Naranjaren Kontu Kontari eta La Baldufa katalanek Pinoccio klasikoari buruz egiten duten interpretazioak osatzen dute haur antzerkiaren eskaintza.

Helduentzako antzerki zikloan hiru lan taularatuko dira Biterin apirilaren hasieran. Tartean Teatroaren Ghero, eta Vaiven Producciones konpainiaren Erlauntza -biak euskaraz- eta Perigallo Teatroren Espacio Disponible -gaztelaniaz-.

Musikari dagokionez, Olatz Salvador musikariak bakarkako lehen estudioko lana, Zintzilik, ekarriko du Hernanira. Eñaut Elorrieta kantariak eta Kaabestri String Ensemble hari-boskoteak Harian proiektua aurkeztuko dute Biterin. Maite Larburu hernaniarrak bakarkako lehendabiziko lana aurkeztuko du: Hezurren azpian.

Euskal zineari dagokionez, Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioan oinarrituta hamabi zinegilek sortutako lan kolektiboa, Gure oroitzapenak, ikusi ahalko da. Aralar, mundua leku den lurra eta Jainkoak ez dit barkatzen lanek osatzen dute euskal zineari buruzko atala.

Horretaz gain, literatura atalean, ipuin kontaketak, irakurketa kluba, irakurketa partekatuak eta solasaldiak ere izango dira aurtengo udaberrian. Komikigintzak izango du leku berezi bat egitarauan


Comparte/Banatu

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *