Euskal Autonomia Erkidegoko trafiko-istripuetan hildako 42 pertsonatatik % 55 kolektibo ahulenetako pertsonak ziren

Comparte/Partekatu


42 pertsona hil dira EAEko errepideetan 2018an, aurreko urtean baino 3 pertsona gehiago. Pertsona horien % 55 kolektibo ahulenetako pertsonak ziren (14 motozale, 8 oinezko eta bizikletari 1)

42 pertsona (34 gizon eta 8 emakume) hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan eta kaleetan izandako trafiko-istripuen ondorioz. Horietako 29 gidariak ziren (14 moto-gidari, 14 turismo-gidari edo beste mota bateko ibilgailuko gidari eta txirrindulari 1), 5 pertsona turismoetako bidaiariak ziren eta 8 oinezkoak.

Lurraldeen arabera, 13 pertsona hil dira Gipuzkoan, 13 Araban eta 16 Bizkaian. Gogorarazi behar da aurten izandako 3 istriputan 6 hildako izan zirela (2 Aretxabaletan, 2 Galdakaon eta 2 Asparrenan).

Istripuen kopuruari dagokionez, hauteman da joan den urtean baino istripu kopuru txikiagoa erregistratu dela. Abenduaren 28ra arte, 7.609 istripu erregistratu dira, 2017an baino 230 istripu gutxiago.

 “Euskal Autonomia Erkidegoko ezbeharren bilakaeran beheranzko joera finkatzen ari bada ere, kolektibo ahulenetako hildakoen kopuruak gora egin du, batez ere motozaleena —14 hildako 2018an eta 8 hildako 2017an—. Kolektibo horrekin modu espezifikoan ari gara lan egiten ikuspegi partekatuko estrategia garatzeko. Estrategia horrek barnean hartzen ditu heziketa, egoeraren analisi zehatza eta multzo horren istripu-tasa murriztera zuzenduko diren sentsibilizazio-ekintzak. Horrenbestez, aurreko urteekin alderatuta, egoerak hobera egin badu ere, bide-segurtasunaren arloan oraindik ere bide luzea dugu aurretik”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak.

2017an, 39 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan izandako trafiko-istripuetan, 23 gidari (7 moto-gidari eta 16 turismo-gidari edo beste ibilgailu mota bateko gidari), 9 bidaiari (1 motoan eta 8 turismoetan) eta 7 oinezko.

2018an, hildako gidarien eta oinezkoen kopuruak gora egin du, baina  behera egin du bidaiarien kopuruak, 2017ko datuekin alderatuta. Lurralde Historikoen arabera, Gipuzkoan hildakoen kopuruak behera egin du (9 gutxiago izan dira 2018an), eta gora egin du Araban (2017an baino 4 gehiago) eta Bizkaian (8 gehiago).

Datu horiek Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako istripuei dagozkie; hartara, hiri-bideetan eta hiri arteko bideetan gertatutako istripuak hartzen dira barnean.


Comparte/Partekatu

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *