“Erakunde gisa egin dugun ekarpenik handiena osasun-prebentzioaren aldeko ahalegin pertsonala eta kolektiboa izan da, da eta izango da aurrerantzean ere”

Comparte/Partekatu

Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendariak eta Giza Baliabideen zuzendariak partekatutako adierazpen horrek, nolabait ere, laburbiltzen du Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak osasun-larrialdiko egoeraren hasieratik egin duten ahalegina segurtasun-zerbitzuak bete-betean lanean aritzeko, eta ahalegin horretan jarraitzen dute EuskadinPrentsa bulegoa

Erandioko biltegietatik astero irteten da ertzainek euren unitateetan edo ertzain-etxeetan jasotzen duten material higienikoa eta babes-materiala. Horrela, urtarrilaren 30etik maiatzaren 21era arte guztira 57.700 FPP2/3 maskara eta 45.000 maskara kirurgiko, erabili eta botatzeko 7.500 buzo, nitrilozko 430.700 eskularru eta 5.600 betaurreko babesle banatu dira.

Prebentzio-lanetan aritu behar duen Herritarren Babesaren Alorreko ertzain bakoitzak  astean FPP2/3 maskara bat eta txandako eta eguneko maskara kirurgiko bat jasoko ditu, COVID-19aren aurkako borrokan euskal gizarte osoarekin hartutako konpromiso solidarioa mantentzen jarraitzeko.

Ertzain-etxeetako gainerako langileek maskara kirurgikoak izango dituzte osasun-agintariek gomendatutako segurtasun-distantzia fisikoa gorde ezin duten jarduera edo egoeretarako, eta, gainera, unitate bakoitzak FPP2/3 maskarak izango ditu beste premia batzuetarako.

Guadalupe Camino Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendariak aitortu duenez, “osasun-larrialdiaren hasiera hartan hornidura-arazoak izan genituen arren, beste erakunde batzuek bezala, ertzainek behar izan dituzten babes-materialen banaketa lehenbailehen normalizatzera bideratu genituen gure ahaleginak, alarma-egoera osoan funtsezkoak izan diren zerbitzu asistentzialak eta polizia-babesa eskaintzen jarraitu ahal izateko. Erakunde gisa egin dugun ekarpenik handiena osasun-prebentzioaren aldeko ahalegin pertsonala eta kolektiboa izan da, da eta izango da aurrerantzean ere”.

Adierazpen horiek gogoan izan ditu Karmele Arias Giza Baliabideen zuzendariak ere, eta azpimarratu duenez, “prebentzioa izan da egin dugun ekarpenik esanguratsuenetako bat, Ertzaintzaren zerbitzuak egunean 24 orduan irekita egotea ahalbidetu baitigu. Halako salbuespen-egoeretan baloratu ohi da gehien Prebentzio Zerbitzuaren lana, pandemiaren alarmak piztu ziren une beretik definitu baitzituen COVID-19aren krisiari aurre egiteko erakunde osoak bere gain hartu behar zituen eta bete behar zituen jarduketa-protokolo sanitarioak”.

Norbera babesteko ekipamenduez gainera, hartutako neurrien artean aipatzekoak dira espazioen banaketa, higiene-neurriak [zapi higienikoak, gel hidroalkoholikoa…], garbiketa eta desinfekzio zerbitzuak indartzea, % 20 gehitu baitira laneko zentroetan eta ibilgailuetan [ozono-makinak polizia-ibilgailuak desinfektatzeko, LIUk, Lehergailuen Unitateak, kanpoko eremuak eta eraikinak desinfektatzeko zerbitzuak…] eta antolaketa-neurriak [txandak murriztea beharrezkoak ez diren kontaktuak saihesteko, sartzeko eta irteteko ordutegi ezberdinak, herritarren arretarako eremuetan manparak…].

Analisi serologikoak Ertzaintzan

Osasun-krisian zehar une bakoitzean indarrean zeuden protokolo sanitarioak jarraitu dira kutsatuen eta horien kontaktu-sarearen, berrogeialdien eta gomendatutako proba diagnostikoen jarraipena egiteko.

Une hauetan kolektiboan analisi serologikoak egiten ari dira guztizko artigorputzen azterketaren (IgM e IgG) bitartez, eta horrela jakin daiteke ea pazientea SASRS-CoV-19 birusarekin kontaktuan egon den eta immunitate-motaren bat garatu duen. Analisi serologiko horretan positibo ematen duten agenteei PCR analisia egiten zaie gero.

2020ko maiatzaren 25eko datuen arabera, jada plantilla osoari egin zaizkio probak [7.731], eta 6.233ren [% 80,6] serologien emaitzak jaso dira. Analisietan positibo eman dutenak 272 dira [plantillaren % 4,3].

Maiatzaren 13ko ENE-CoVID19 azterlanaren [SARS-CoV-2ak eragindako infekzioaren   sero-epidemiologiako azterlan nazionala] lehenengo atariko txostenaren arabera, Espainian SARS-CoV-2ren aurkako IgG antigorputzen prebalentzia estimatua % 5,0ekoa da. Azterlan horretako EAEri buruzko datuek batez beste % 4ko prebalentzia adierazten dute: Araba % 7.2, Bizkaia % 3.9 eta Gipuzkoa % 2.8.


Comparte/Partekatu

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *